Kaskaborro, landa aberastasuna

    Distantzia: 9,5 km
    Desnibela: 250
    Zailtasuna: Erraza

Idauze-Mendi, Urdiñarbe eta Altzürüku lotzen ditu Kaskaborro ibilbide zirkularrak. Mendi azpiko ingurune aniztuneko txango atsegina, aproposa da bide luzeagoetara egokitu edo mendi ibilaldietan trebatzen hasteko. Halaber, euskal landa kulturaren aberastasunaz jabetzeko ere baliagarria da.

Idauze-Mendiko udaletxetik gertu dagoen aparkalekua da abiapuntua. Handik zalditegirantz jo, eta eraikin ondotik doan errepidea hartu, eliza alderantz. D147 errepidea zeharkatu eta Aphurhur errekaren beste aldera egin zubia igarota. Ezkerraldean, zuhaitz artean, Xamalbide errota zaharra dago.

Errepidea jarraitu basoko bidera heltzeko eta haritzondoen itzalean doan bide nagusia jarraituta, Altzürükü eta Urdiñarbe lotzen dituen errepidera iristen da. Altzürukürantz joko dugu harrizko pista topatu arte. Aurrerago bidexka erreka bazterretik doa zubi aurreko bidegurutzera arte. Ezkerraldetik igo itzuliko bidera heltzeko. Askotariko inguruneak dituen bidea da: soroak, basoak, haritzez zipriztindutako iralekuak, errekak…

Begiratokiak ere ez dira falta: gertu dagoen Arbailako mendigune karstikoa, flyscharen muinoak eta Madeleineko kaskoa, baita Basabürüako mendiak ere.

Paisaiak horietan Zuberoako artzainek garatutako iratzeen eta belarraren ekoizpen konbinatua ikus daiteke: zuhaitzen inausketa egurretarako, bazka, iratzeen mozketa orbela eta simaurra lortzeko, eta erreketa kontrolatuak artzain kultura eta teknika oso sofistikatuen erakusgarri dira.

Errota ingurura bueltan Mendiko eliza bistaratuko da. Eraikinak Zuberoako elizen bereizgarri den kalbarioko kanpandorrea du. XVII. mendean dute jatorria, hiru punten gaineko hiru gurutze dituenez, luzaroan trinitario izena izan zuten. Garai berekoak dira, eliza hori bera edota Altzürükükoa apaintzen dituzten urrezko erretaulak.

    Distantzia: 9,5 km
    Desnibela: 250
    Zailtasuna: Erraza

Publizitatea